“Barrutik begirako Leihoak” pelikulak 9000€-ko dirulaguntza izango du

Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak datorren asteko sesiorako utzi du “Barrutik begirako leihoak” euskal preso politikoen inguruko unibertsoari buruzko film luze dokumentalari 9.000€ko diru-laguntza bideratzeko erabakia, txostenean forma kontu batzuk aldatu behar zirela eta.

Barrutik begirako leihoak” euskal preso politikoen inguruko unibertsoari buruzko film luze dokumentala izango da, bost istorio labur independentek osatua. Bost zuzendarik hartuko dute parte bertan, sarri ezkutatuta izan den errealitate soziala modu zabal eta humano batean azaleratzeko asmoz. Film honek beste modu batean helduko dio gaiari, eta epika guztien azpitik (edo gainetik) kokatuko da.

Itsasoaren Alaba eta Sagarren Denbora dokumentalak dira egitasmo honen erreferentzia hurbilenak, eta haiek markatutako ildotik abiatuko dira. Bi filmekin bizitako esperientziak ondo erakutsi du sentsibilitatez eta zintzotasunez jokatuz gero, jendeak asko eskertu eta estimatzen dituela lan hauek.

Aurrekontua txikia izan zen arren, bi dokumental hauek zabalpen eta onarpen esanguratsua lortu zuten. Euskal Herriko areto alternatiboetan eman ziren batez ere, guztira 70 emanaldi inguru filmeko urtean. Gainera, Donostiako Zinemaldian aurkeztu ziren, baita emanaldi guztietan sarrerak agortu ere. Biek lortu zuten Belfast, Nantes eta Buenos Aireseko jaialdietan egotea, eta Madril, Bartzelona, Erroma, Londres, Milan, Montevideo, Venezia, Napoli, Habana, Praga eta Berlineko areto alternatiboetan ere ikusi ahal izan ziren.

Zinez elkartea Euskal Herriko kulturgintzako zenbait lagunek osatzen dute eta elkartearen asmoak, ekimenak, garapenak, lankidetzak eta parte hartzeak  EUSKAL HERRI osoan eta osora hedatzen dira.

Aurkezten den proiektu honetan Euskal Herriko herri, eskualde eta herrialde ezberdinetako 5 “protagonista”/presoak ditugu eta pelikula honetan jasotzen diren bost historietako baten “protagonista” Donostiarra da: MIKEL ALBISU “Antza”.

Eta  ekipo artistiko zein teknikoa ere euskal herri osoko jendez eta zerbitzu enpresaz osatuta dago tartean ENEKO OLASAGASTI zuzendari donostiarra.

Axier Jaka zinegotziak adierazi duenez, “proiektu honek gatazkaren beste alde bat ikusteko aukera emango digu eta ikuspegi eta egoera guztien azterketa sakona egiteak aberastu gaitzake. Horrelako historiek gatazka gizatiartu egiten dute eta lan honek gatazkak berak guztientzat suposatzen duen drama azalduko du. Uste dugu erakunde gisa ekarpena egiten dugula proiektu hau babesterakoan”.

Diru-laguntzaren inguruan zenbait talde politikok sortu nahi izan duten polemikaren inguruan “alkatetzak duen eskuduntzaren normaltasunaren barruan kokatu behar da eta beste alkateek horrelakoetan erabakitzeko izan duten askatasuna errespetatu behar dela uste dugu. Gogoratu behar diegu gainera, krisi ekonomikoa eta diskrezioa aipatzen dutenei, alkatetzak eskumenez banatzeko daukan diru-kopuruan 600.000 euroko jaitsiera izan dugula, beraz, proiektu hauetarako bideratzen dugunak behera egin du nabarmen. Diru hori gaur egun sailetatik banatzen da eta beraz, ohiko prozedura jarraituaz” adierazi du.

Giza-eskubideen komisiotik alde egiteko mehatxuari buruz adierazi du Gobernuak ez duela horrelako mehatxurik onartuko eta batzorde horretan ez dela “giza-eskubideen urraketa bat besteak baino gutxiagotzat joko. Batzorde horrek eskubide guztiak bermatzeko jardun behar du lanean, beraz ez dugu ulertzen norabide horretan emandako pauso batengatik norbaitek batzorde hori uzteko mehatxua egitea”.