TAO eta Erdialdea
- Published on Asteartea, 03 Uztaila 2012 17:37
- donostia
- 0 Comments
Izango dugu aukera sakonago eztabaidatzeko gaia, baina oraingoz oposizioak aurkeztu gaietatik puntu bat atera nahiko genuke.
Agian kezkagarriena, ez hainbeste eraginari baizik eta atzean duen filosofiari begira, PSE-k Erdialdeari loturik egin duen proposamena da. Udal Gobernuak proposamena egin du Boulevardetik Askatasun Hiribidera dagoen zonaldean errotazio aparkalekuak kentzeko. Erabakiak ekonomikoki Udalari galera dakarkio, hau da, zonalderik garestiena da eta dena bertakoentzat uzteak esan nahi du errotaziotik jasotzen den dirua irabazteari utziko zaiola. Gainera kostua hor egongo da, izan ere aparkaturiko autoak bertakoenak soilik direla kontrolatzen arituko den enpresari ordaindu egin behar zaio, baina trukean ez da irabazirik aterako, zonalde horretako (eta Parte Zaharreko) TAO biñetak soilik.
Baina egun hiri osoan zehar TAO sistemarekin gastuak kubritzeaz gain dirua ateratzen denez, aukera dago zonalde batzuetan hainbeste diru ez ateratzeko. Jakinda baina TAOtik ateratzen ez dugun irabazi hori ezin dugula garraio publikoan ala beste gastu batzuetan erabili ahal. Gauza bat da funtsezkoena, baina, TAO sistemak irabaziak ematea ez da txarra, baina helburu nagusia ez da hori, baizik eta aparkalekuak arautzeko sistema izatea.
Erdialdean dugun egoera honakoa da. Alde batetik Parte Zahar eta Erdialdeko biñeta kopurua bertakoek aparkatzeko duten aparkaleku kopurua baina eskasagoa da. Beste modu batean esanda, denei egun batean euren kotxea kalean aparkatzeko seta emango balie, ez legoke tokirik denentzat.
Bestetik rotaziorako lurrazpiko eskaintza zabalegia dugu, zoritxarrez. Hau da, Okendo, Boulevard eta Cervantesen rotazio plaza ikaragarria dugu, inoiz betetzen ez dena. Beraz, ezin dugu jendea etsiarazi autoarekin hiri barneraino sartzeko. Neurri honekin, rotazio eskaintza ez dugu apenas murrizten, baina gauza bat behintzat lortzen dugu: aparkaleku bila bueltaka ibiltzen den trafikoa ekiditea. Hau da, lur gainean aparkalekua bilatzen ibili beharrean behintzat lurrazpira eraman dezala. Egun berdin balio du lur gainean aparkatzeak edo parkingera sartzeak, helburu horrexekin, behintzat goiko aldea bertakoentzat uztea. Bertakoari tokia bermatzen diozu, eta gainera toki libreak geratzen dira. Baina, antza, batzuei beldurra ematen die kalea aparkaturiko kotxe gabe ikusteak.
Egia da ez dela TAOrik ordaintzen gauez, beraz, lehen Erdialdera afaltzera datorrenak orain ordaindu egin beharko luke. Baldin eta autobusez etorri nahi ez badu noski. Baina hori al da bermatu behar dugun eredua? Jendea autoz Erdialdera afaltzera joatea?
Erabaki honekin Udalak ekonomikoki ez du askorik irabazten. Aitzik, galdu egiten du. Rotaziotik jasotako dirua galtzen du eta irabazi horiek parkingen kudeatzaile pribatuei doazkie (hortik Udalak zati txiki bat eramaten du). Baina….kotxeak aparkalekua bilatzen bueltaka ibiltzea eta lur gainko zonaldea okupatzea ekiditeak ez al ditu ingurugiro eta gizarte irabaziak ematen?
PSE-k esan digu badirela tokiak non neurri hau are beharrezkoa den. Ados, egin dezagun bada! Baina toki gehiago proposatu beharrean neurri honen aurka azaldu dira. Gainera, Groseko aldaketa baten aurka azaldu dira. Groseko zonalde batean TAO tarifa igotzea proposatzen da. Zergatik? Kursaaleko parking inguruan dagoelako. Logika bera da, salneurri berean egonda helburua da auto horiek lurrazpira jotzearen alde egitea, eta ez Gros inguruan bueltaka aritzea. Udalak errazago luke salneurri merkexeagoa jartzea eta diru irabazi horiek ebre gunera ekartzea. Baina helburua zein da? Dirua irabaztea ala espazio publikoa kudeatzea eta autoen eragina murriztea?
Bestetik esan digute mugikortasun urriko pertsona bat Erdialdera eraman behar duenari arazoa sortzen diogula. Ba ote argudio inozoagorik? Nola egingo diogu kalte, orain toki libre gehiago izango ditu-eta pertsona hori ateraino eramateko! Rotazioa kenduta plaza gehiago daude eta beraz halako gauza puntual baterako aukera libratzen da, noski, benetan horretarako baldin bada, ez bertan kotxea uzteko. Zer esanik ez etxe horietara zerbitzu ematera joaten diren iturgin, igeltsero,…eta beste profesionalentzat. Ibilgailu hauei bertakoen guneetan aparkatzeko auekra ematea proposatu du Udal Gobernuak, azken finean bertakoei zerbitzu ematera doaz. Neurri hau aplikatuz gero askoz aukera gehiago izango dituzte aparkatzeko.
Bada, baina, beste eragile bat, batzuen eskeman bertakoen interesak baino indar handiagoa duena. Dendariek rotazioa mantentzea nahi omen dute. Hori da argudio nagusietako bat. Noski, pentsatzen hasita Erdiadean dauden dendak izango dira, ez dut uste Egian ala Intxaurrondon denda, taberna edo negozioa duenak interes berezia izango duenik jendeari Erdialderaino autoz joateko aukera eman diezaiogun.
Eta esan moduan, ez da rotazio osoa kentzen denik, inondik inora…..Lurrazpira bideratu besterik ez da egiten! Baina Erdialde eta Parte Zaharrekoen biztanleen interesen zein mugikortasun ikuspegi global baten gainetik jartzen dituzte batzuek beste interes batzuk.
Gai honetan PP eta EAJren jarrera ezberdina izan da. Merkataritzaren gaiarekin kezkatuta beste aukera batzuk bilatu dituzte, parkingetan libre dauden plazak erabiltzea,….soluzioak eta proposamenak bilatzen ari dira, neurriaren izpiritu orokorra onesten dutelarik beste gauza batzuk gehituz. Baina PSEren jarrera bakarra nola edo hala rotazioa mantentzea da, bertakoei ematen dien aukera bakarra Salamanca Pasealkura joatea izanik. Baina horrekin ez dugu trafikorik ekiditen, Salamanca Pasealekuan rotazio batzuk jarrita ere ez dugulako ekidingo Paseo Berriak sortzen duen rotazio trafikoa. PP eta EAJrekin ezberdintasun nabariak izan arren, gai honetan jarrera askoz eraikitzaileagoa topatu dugu, bere ideiak defendatu nahi dituzten eta proposamenak egin nahi dituzten bi alderdi. Ezin gauza bera esan denetaz.
Ea neurri honek aurrera egin dezakeen eta zonalde honetako (zein beste batzuetako) trafiko lasaitze eta murrizketek espazio publikoaren banaketa orekatuago baterako pausuak emateko bidea ematen diguten, peatonalizazioak eta antzekoak eginez.

Leave a Reply