2ak 1

Alaitz Oarbeaskoa Lasa Groseko bizilagunak iritzi artikulu hau bidali digu eta sekulako grazia egin digu, hemen jartzen dugu zuen gozamenerako:

La comparecencia del viceconsejero de Transportes y concejal donostiarra, Ernesto Gasco, tuvo lugar en el Ayuntamiento para presentar una encuesta encargada por Euskotren para conocer la opinión ciudadana sobre las mejoras presentes y futuras de este servicio ferroviario, incluyendo el proyecto del Metro. El edil socialista recordó que el trabajo realizado por su departamento en esta legislatura ha permitido licitar este verano los dos tramos en que estará dividida la pasante ferroviaria del Metro de Donostialdea a su paso por el centro de San Sebastián Bertako egunkaria batean, 2012ko abuztuaren 4an

Ez-jakinoi ulergaitz zaigu pasarte hau. Esaldia euskaraz balego bi ergatibo azalduko liratek (garraio sailburuordea eta Donostiako zinegotzia) baina aditza singularrean dago, izan ere, pertsona bakarrari egiten dio erreferentzia: Ernesto Gasco. Onar dezagun, ohi-ohikoa da pertsona batek ardura ezberdinak izatea, baina normalean prentsaurrekoa ematen duenean kargu bati zor ematen du, ez bien izenean. Kasu honetan baina, prentsaurrekoaren edukia (ustezkoa behintzat) Garraio Sailburuorde moduan ematen zuen, baina kokapena Donostiako Udaletxea zen.

Eskertzekoa da Garraio Sailburuorde txit batek herrialde hiriburu soil hau aukeratu izana EAE mailako datu batzuen berri emateko, baina batzuei bitxia irudituko zaie Eusko Jaurlaritxako kide batek prentsaurrekoa Donostiako Udaletxean ematea. Bazuen Eusko Jaurlaritzako bulego batean ematea, edo Easoko plazan dagoen Euskotr….barka, Donostialdeko Metroko geltokian (1,5 milioi euro gastatuko eta ez gara gu ba hasiko gaizki esaten). Horrelako pentsaerak dituenak, baina, gauza garrantzitsua ahazten du: Ernesto Gascok, oraindik Hirukote Santua ez bada ere,  bi aurpegiko izpiritu sakratu baten doaiak baditu. Eta horri esker pertsona eta tokiak uztartzeko gaitasuna du. Hau da, Ernesto Gasco non Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udalbatza han. Ernesto Gascok Donostiako prentsa aretoan prentsaurrekoa ematen badu, areto hori automatikoki Eusko Jaurlaritzako prentsa-aretoa ere bada era berean. Orobat, maiz ikusi dugu, Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren izenean prentsaurrekoa ematen ari denean , aho beretik hitz egiten du Sailburuordeak eta Donostiako sozialisten liderrak, PSEren “bozeramaile funtzionalak” (gazteleraz zer esan nahi duen ez badakit, nola nahi duzue itzultzea?) eta oposizio buruak.

Esaldi batek oso ondo laburtzen du  hau guztia: “El edil socialista recordó que el trabajo realizado por su departamento“.  “Su departamentoa” Eusko Jaurlaritzako saila da, baina “el edil socialista” Udaleko zinegotzi kargua. Agian Ernesto Gasco zinegotzi moduan Ernesto Gascok Sailburuorde moduan egin duen lana txalotzen ari da? Ala kazetaria erratu egin da une horretan zein Ernesto Gascok hitz egiten zuen transkribitzean? (Ulertzekoa da) Ala, ordea, estilo kontu bat da, kargu bere ez errepikatzearren? (Erdi Aroko erregeen antzera, kontua ez da aipamen bakoitzean 3 lerroko zerrenda bat botatzen aritzea).

Ez, besterik gabe Ernesto Gascok Euskal Herriko herri matematiken esentzia oso ondo hartu du, eta 7ak 1 ez bada ere, 2ak 1 da. Hots, zinegotziak erraz asko hitz egin dezake sailburuordearen kontuez.  Eta alderantziz. Alderantzizkorik bada bere biak batasunean.

Kokapena azterturik, edukian sartuko gara. Sailburuorde-zinegotzi Ernesto Gascok (aurrerantzean “so-z EG”) Euskotrenek buruturiko inkesta bati buruzko prentsaurrekoa eman omen zuen. Baina prentsan ikusi dugunaren arabera garrantzitsuena metroari buruz mintzatu zen batik bat, primizia handiekin. Inork pentsa lezake primiziena maltzurkeriaz esana dagoela. Ez, bada, kazetari batzuei lehen aldiz eman zizkien bertatik bertara informazio hori, eta ez pentsa eskertzeko ez denik kazetari batentzat ordura arte 77 aldiz beste egunkari batean ikusi dituzten informazioak ezagutzea. Ernesto Gascok kazetariak buruan ditu, nahiz eta egia esan batzuk barneratuxeago sartuta dituen.

Halere, 2ak 1 izate hau neketsua izango da, izan ere edukian ohiko argudio batzuk ahaztu zituen so-z EGk. Horien truke frantziarren etorrera aipatu zuen, izan ere gaur egun Easo Plazaraino iristeko sekulako arazoa dute. Noski, Hotel Londreseraino iristeak hondartzara zuzenean joateko parada (bi zentzuetan) emango die. Hala, gaur egun Easo kalean ikusten ditugun frantziar prozesio horiek ekidingo ditugu, galtza motxetan puzgailu esku batean eta Sud Ouest bestean ibiltzen diren frantziar horiek. Nafarrak eta frantziarrak, hortxe-hortxe dabiltza.

Jesukristok Bilbon jaio ahal izanik Belenen jaiotzea erabaki zuenean apaltasun itzela erakutsi zuen. Antzeko du Ernesto Gascok herritarrengan pentsatzen duenean, baita herritar frantziarrengan ere, agian 3ak 1 bihurtu nahiko du mugaz bestaldeko karguren batekin…. Horregatik hondartzan bertako geltokia jartzen die frantziarrei. Batek uste zuen dirua uzteko hemen gaua pasatzea, erosketak egitea edo komertzioan ibiltzea merezi zuela, baina tira, ziur geltoki bat hondartzan bertan jarrita askoz frantziar gehiago etortzen direla, jakina baita asko eta asko direla Kontxara datozen frantziarrak. Ikerketarik edo izango da hori azaltzen duenik!

Beno, textu iruzkinen helburua textua eta bere ingurukoak hobeto ulertzea izan ohi da. Onartzen dut honekin ez dudala lortu ulertzerik ez kokapena, ez nork eman zuen prentsaurrekoa, eta ziur naiz edukiaren konplexutasunak ulertzetik urrun naizela oraindik. Agian zeuk, irakurle, ondo ulertu duzu. Bejondeizula hala bada. Ez bazaude kasu horretan….ez larritu, askotxo gara egoera horretan gaudenak.