Category: Albisteak
Zero zabor bidean, akordioa Donostian
Mai 17 2013- donostia
- 0 Comments
Gaur eman da ezagutzera PSE eta EHBilduk hiri hondakinen kudeaketa sistemen inguruan erdietsi duten akordioa. EHBilduren iritziz, Zero Zabor norabidean urrats garrantzitsua eman du gaur Donostiak. Poztekoa da, blokeaturik zegoen gai honen inguruan akordiotara heltzea lortu dugula, eta batez ere, akordioaren ondorioz, Donostian 2016rako hondakinen %60a birziklatzea lortuko dugula, gaur egungo kopurua bikoiztuz. Emaitza hobeak lortzeko anbizioa mantendu behar badugu ere, urrats esanguratsua da gaur ezagutu duguna.
Udal Gobernuak duela hilabete batzuk azaldu zuen 2016rako %60ra heltzeko helburua, eta zoriontzekoa da orain PSE ere bide honetara gehitu izana.
Azpimarratzekoa da ere, aurretik dugun ibilbide honetan, herritarron ekarpena oso garrantzitsua izango dela. Izan ere, herritarron kontzientziazio eta parte hartzerik gabe ezingo baitugu helburua lortu. Gure esku dago, zero zabor filosofiaren oinarriak zabaltzea eta ezarriko diren kudeaketa modu berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatzea.
Denon konpromisoarekin, lortuko dugu. Zorionak eta aurrera!
Ondarretan egondako presoen oroimenezko monolitoa
Abe 12 2012- donostia
- 0 Comments
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Ondarretako kartzelan preso egondako pertsonen omenezko oroitarria zabaldu du, gaur eguerdian, Pilar Garciandia eta Marcelo Usabiaga preso ohiekin batera. Kartzela egon zen tokian jarri du oroitarria Donostiako Udalak, Tenis klubaren eta hondartzara jaisteko maldaren ondoan.
Gerra Zibilean eta frankismo garaian milaka lagun egon ziren han espetxeratuta eta horietatik ehunka fusilatu egin zituzten; oroitarriaren bidez, haiek guztiek justiziaren eta askatasunaren alde egindako borroka aitortu nahi du Udalak.
Oroitarriaren oinarria kartzela izandakoaren harriez osatuta dago (Ondarretako hondartzatik berreskuratu zituen Aranzadi elkarteak), urte luzez ezkutatu nahi izan zuten espetxea ahanzturatik ateratzeko.
Ondarretako Kartzela
1890ean zabaldu zuten, probintziarako kartzela izateko. Mota guztietako presoak ziren, arruntak eta politikoak, gizonak eta emakumeak (horietako batzuk beren haurrekin), baina, batez ere 1931z geroztik, preso politikoak. Milaka lagun espetxeratu zituzten, bertakoak eta Estatuko beste kartzela batzuetatik ekarritakoak, oso baldintza latzetan. 36ko gerratik aurrera, frankistek preso politikoetako asko torturatu egin zituzten, eta ehunka fusilatu, 1948an kartzela itxi eta presoak Martuteneko kartzelara eraman zituzten arte. Ordu arte kalean izandako protestei eta askatzeko aldarrikapenei muzin egin zieten agintari frankistek.
Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi du Ondarretako presoei aitortza eta justizia zor zaiela: “Kartzela horren hormak hiriko postaletatik ezabatu zituzten bezala, hormen artean frankisten eskuetan gertatutako gehiegikeriak eta krimenak ere urtetan isilarazi zituzten, indarrez, ahanzturara kondenatu. Gizon, emakume eta haur haiek guztiek aitortza eta justizia merezi dute, ordea, eta oroitarri hau zor diegun aitorpenaren zati txiki bat da”.
Horrez gain, Aieteko kultur etxean dagoen erakusketaren itxiera ekitaldira joateko deia egin du alkateak. Udalaren asmoa da erakusketa osatzen duten objektuak berreskuratzea, etorkizunean berriz ere ikusgai jartzeko.
8 lokal irabazi asmorik gabeko 9 erakunderen esku
Abe 12 2012- donostia
- 0 Comments
Une honetan orotara 174 lokal daude 186 erakunderen eskuetan. Zenbaki hori ordea hazten ari da. Aste honetatik aurrera Donostiako Udal Gobernuak zortzi lokal lagako dizkie irabazi asmorik gabeko beste bederatzi erakunderi. Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko du urtebetean egiten den bigarren esleipena, aurrenekoa maiatzean egin baitzen; orduan 11 lokal utzi ziren hamabost elkarteren eskutan, inoizko lagapen anitzena.
Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak azaldu du irabazi asmorik gabeko elkarteei lokalak lagatzeko egitasmoa elkartegintza eta herri mugimendu antolatua sustatzeko ildoan kokatzen dela: “Elkarteak funtsezkoak dira gure gizartean, batzuetan hutsuneak betetzen dituztelako, norbanakoen eta kolektiboen eskubideen alde egiten dutelako lan, gizarte masa kritikoa eta autonomoa indartzen dutelako, eta hori beti da mesedegarria eta aberasgarria”. Zinegotziaren hitzetan ezinbestekoa da administrazio publikoak elkarte horien eskuetan bitarteko fisiko zein finantzarioak jartzea: “Testuinguru horretan ulertzen dugu lokalen lagapena; elkarteak gizarte sarea indartzeko baliagarriak direla pentsatzen dugulako, eta lokal publiko horien erabilera gizarte kohesioa eta lan kolektiboa sustatzeko balio dezakelako”. Udal gobernuaren lehentasunetako bat partaidetza sustatzea dela ere gogoratu du, esanez herritarrengana gerturatzeko ahalegin etengabea egiten ari dela: “Bide horretan hainbat prozesu eta kanal jarri ditugu abian, eta hau beste pausu bat da helburu hori lortzeko bidean”.
Jon Albizu, Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Mugikortasuneko zinegotzi, eta Naiara Sampedro, Hezkuntza, Berdintasuna, eta Gazteriako zinegotziak adierazi dute horrelako lagapenak duintasuna ematen diola erakunde hauek egiten duten lanari, gizartearentzat oso inportantea dena, eta goraipatu dute lagapena lehentasunezko lekurik izan ohi ez duten alorrean lan egiten duten erakundeei egin izana.
Jarraian azaltzen dira zeintzuk diren lagatuko ekipamendu komunitarioak eta bakoitza zein entitateri lagako zaion: Amara 11, behera (Amara), 2. Bulegoa: “Moxolo Gazte Elkartea”-ri; Amara 17, behera (Amara): “Amarabai, Amarako Udalgintza Elkartea”-ri; Iparragirre 8, behera (Gros): “Kalapie, Hiriko txirrindularien elkartea” eta “GGK Koordinakundea”-ri; Katalina Eleizegi 46 (Aiete): 3. bulegoa: “Mugarik Gabe” elkarteari; Katalina Eleizegi 40 (Aiete): 3. bulegoa: “ADAHIGI Asociación Déficit de Atención con Hiperactividad-Gipuzkoa” elkarteari; Zabaleta 47 erdisotoa (Gros): “Haurralde Fundazioa” elkarteari; Bertsolari Xalbador 14. (Antiguo): 2. Bulegoa: “Fundación Tierra de Hombres” elkarteari; eta Ubarburu 12 pasealekua, 8. modulua, 1. solairua (27. Polígonoa, Martutene): “DYA, Asociación de Ayuda en Carretera” elkarteari.
Biktima guztiak aitortzen dituen ekimen bateratua egin da lehen aldiz
Abe 10 2012- donostia
- 0 Comments
Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak deituta, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Udaleko ordezkari politiko guztiek giza eskubideen urraketen “biktima guztien oroimenezko” ekitaldi bateratua egin dute gaur eguerdian, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Udaletxearen aurrean kokatuta dagoen “Oroimena” izeneko monolitoaren inguruan lore-eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute.
Agintaldi honetan Donostiako Udaleko talde politiko guztiek biktima guztien aldeko ekimen bateratu bat egin duten lehenengo aldia da.
Ekitaldiaren garrantzia
Josu Ruizek, Bildu taldeko bozeramaileak, Giza Eskubideen Batzorde Bereziak gaurko deitutako ekitaldian talde politiko guztiek bat egin izana nabarmendu du. “Gaurko biktima guztien oroimenezko ekitaldi bateratua, xumea izanik, oso esanguratsua izan da. Uste dut donostiarrentzat pozgarria izan dela denok batera horrelako ekitaldi bat egitea”, adierazi du Bilduko bozeramaileak.
Ekitaldi bateratuan parte hartzeaz gain, Bildu taldeko kideek Iñaki Quijera donostiarra oroitzen duen plakan lore sorta bat jarri dute. Ruizek azaldu duenez, Alderdi Ederreko monolitoa orain arte biktima jakin batzuekin lotu izan da, eta Bilduk oroimenezko ekitaldi nagusiaren osagarri gisa egin du bigarren ekitaldia, biktima guztiak osotasunean irudikatzeko.
Iñaki Quijera donostiar gaztea Espainiako Polizia Nazionalak tirokatuta hil zen, 1979an, errefuxiatu politikoen aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zela. Donostiako epaitegiak hura hil zuen Polizia zigortu zuen, manifestariak geldiarazteko benetako balak erabiltzeagatik. Quijera hil zuten lekuan, Ijentea kalearen izkina batean, udaletxearen parean dago haren aldeko plaka.
Hezkuntzaren alorreko Gizarte larrialdietarako laguntzak 1000 familiei
Abe 01 2012- donostia
- 0 Comments
Donostiako Udalak kontzeptu bat zabaldu du gizarte larrialdietarako laguntzen baitan hezkuntza gastuei aurre egiteko, eta honi esker 900 eta 1.000 familia artean jasoko dute babes ekonomikoa. Diru laguntzak 3 eta 16 urte arteko haurrak dituzten familiei bideratuko dira, eta aurreikusi da 1.350 haur lagundu ahal izatea.
Progresiboa izango da kontzeptu honen harira banatuko den kopuru maximoa, hain zuen ere, familietan adin tarte horretako dauden haurren araberakoa. Hartara, haur bakarra duen sendiak gehienez 145 euro jasoko ditu, bi haur dituenak 215 euro, hiru haur dituenak 290 euro eta lau haur edo gehiago dituenak 360 euro. Orotara 180.000 euro banatuko dira. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.
Orain arte jasota ez zegoen irizpide berri bat aintzat hartzeko zabaldu da kontzeptua. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko legeak dio oinarrizko beharrei dagozkien gastuak ordaindu daitezkeela, hala nola janztekoari, hezkuntzari eta osasu arretari dagozkionak, sistema publikoek gastu horiei aurre egiten ez dietenean.
Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotziak zehaztu du azken urteotan lehentasuna izan dutela beste gastu batzuk, bereziki, etxebizitza duin bat izateko diru laguntzak, baina krisiak irizpideen inguruko hausnarketa bat eskatu duela: “Ongizate zerbitzuetatik egiaztatu ahal izan dugu adin txikikoen eskolatzeak familiako ekonomian duen eragina oso handia izaten ari dela. BEZak eskola materialean izan duen igoerak, familia askoren diru-sarreren jeitsierak, eta eskolatzean dauden bestelako gastuak, besteak beste, guraso elkarteen kuotak, eskolaz kanpoko jarduerak, edota jantzien gastuak ez dira laguntzetan aurreikusiak egoten, eta ulertzen dugu bizi dugun testuinguru honetan aintzat hartu beharrekoak direla”.
Zentzu horretan, zinegotziak gogoratu du Udala ahalegin handia egiten ari dela gizarte alorrean diru laguntzei eusteko, uste duelako administrazio publikoak garai honetan gastu soziala lehenetsi behar duela: “Donostiako Udalak hainbat babes ildo dauzka, batetik zuzeneko laguntza ekonomikoak, bertan Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eta Gizarteratzeko Udal Laguntzak daudelarik, eta, bestetik, hobariak, kontzeptu zehatzetarako”.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen baitan urtean 1.393.899 euro bideratzen dira 1.600 familiari. Gizarteratzeko diru laguntzen baitan, berriz, 467.240 euro banatzen dira 359 familiaren artean.
Tasen eta udal patronatuen prezioen hobariari dagokionez, zehaztu beharra dago diru sarrera gutxi duten pertsonentzako bideratuak daudela, hala nola, beste kolektibo batzuentzat, adibidez, langabezian daudenentzat. Helburua da uraren eta zaborren tasa bezalako ordainketei aurre egin ahal izatea, kirol txartela erabili ahal izatea, euskara zerbitzuaren jardueretan beherapenak izatea, eskola musikaren tasa merkeago iatea, hala nola, garraio publikoa. Orotara 2.211.603 euro bideratzen dira partida honetara.
(ITURRIA: Donostiako Udaleko Prentsa Bulegoko oharretik jasoa)
