Category: Partehartzea
8 lokal irabazi asmorik gabeko 9 erakunderen esku
Abe 12 2012- donostia
- 0 Comments
Une honetan orotara 174 lokal daude 186 erakunderen eskuetan. Zenbaki hori ordea hazten ari da. Aste honetatik aurrera Donostiako Udal Gobernuak zortzi lokal lagako dizkie irabazi asmorik gabeko beste bederatzi erakunderi. Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko du urtebetean egiten den bigarren esleipena, aurrenekoa maiatzean egin baitzen; orduan 11 lokal utzi ziren hamabost elkarteren eskutan, inoizko lagapen anitzena.
Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak azaldu du irabazi asmorik gabeko elkarteei lokalak lagatzeko egitasmoa elkartegintza eta herri mugimendu antolatua sustatzeko ildoan kokatzen dela: “Elkarteak funtsezkoak dira gure gizartean, batzuetan hutsuneak betetzen dituztelako, norbanakoen eta kolektiboen eskubideen alde egiten dutelako lan, gizarte masa kritikoa eta autonomoa indartzen dutelako, eta hori beti da mesedegarria eta aberasgarria”. Zinegotziaren hitzetan ezinbestekoa da administrazio publikoak elkarte horien eskuetan bitarteko fisiko zein finantzarioak jartzea: “Testuinguru horretan ulertzen dugu lokalen lagapena; elkarteak gizarte sarea indartzeko baliagarriak direla pentsatzen dugulako, eta lokal publiko horien erabilera gizarte kohesioa eta lan kolektiboa sustatzeko balio dezakelako”. Udal gobernuaren lehentasunetako bat partaidetza sustatzea dela ere gogoratu du, esanez herritarrengana gerturatzeko ahalegin etengabea egiten ari dela: “Bide horretan hainbat prozesu eta kanal jarri ditugu abian, eta hau beste pausu bat da helburu hori lortzeko bidean”.
Jon Albizu, Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Mugikortasuneko zinegotzi, eta Naiara Sampedro, Hezkuntza, Berdintasuna, eta Gazteriako zinegotziak adierazi dute horrelako lagapenak duintasuna ematen diola erakunde hauek egiten duten lanari, gizartearentzat oso inportantea dena, eta goraipatu dute lagapena lehentasunezko lekurik izan ohi ez duten alorrean lan egiten duten erakundeei egin izana.
Jarraian azaltzen dira zeintzuk diren lagatuko ekipamendu komunitarioak eta bakoitza zein entitateri lagako zaion: Amara 11, behera (Amara), 2. Bulegoa: “Moxolo Gazte Elkartea”-ri; Amara 17, behera (Amara): “Amarabai, Amarako Udalgintza Elkartea”-ri; Iparragirre 8, behera (Gros): “Kalapie, Hiriko txirrindularien elkartea” eta “GGK Koordinakundea”-ri; Katalina Eleizegi 46 (Aiete): 3. bulegoa: “Mugarik Gabe” elkarteari; Katalina Eleizegi 40 (Aiete): 3. bulegoa: “ADAHIGI Asociación Déficit de Atención con Hiperactividad-Gipuzkoa” elkarteari; Zabaleta 47 erdisotoa (Gros): “Haurralde Fundazioa” elkarteari; Bertsolari Xalbador 14. (Antiguo): 2. Bulegoa: “Fundación Tierra de Hombres” elkarteari; eta Ubarburu 12 pasealekua, 8. modulua, 1. solairua (27. Polígonoa, Martutene): “DYA, Asociación de Ayuda en Carretera” elkarteari.
Auzokonposta egiteko aukera 5 auzotan
Aza 19 2012- donostia
- 0 Comments
Gaur ireki da Donostiako bost auzotan auzokonposta egiteko izen emate epea. Bost auzoak Añorga, Antiguo, Igeldo, Aiete eta Zubieta dira. Udalak auzokonposta guneak egingo ditu izen ematen duten familiek euren organikoa bertan utzi dezaten.
Gaurtik aurrera hainbat bilera egingo dira auzo konpostaiaren inguruan abiatzekoa den kanpainaren berri emateko. Lehenengo bilera Añorga Txikin izango da, Amassorrain Ikastolan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bihar Antiguon izango da bilera, arratsaldeko 19:00etan AEKren egoitzan. Asteazkenean Igeldoko Kultur Etxeaen izango da hitzordua, arratsaldeko 19:30etan. Azken bilera ostegunean izango da Aieten, 19:00etan.
Ekimen hau hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan kokatzen da.
Auzoetan ohol informatiboak herri mugimenduentzat
Urr 31 2012- donostia
- 0 Comments
Donostiako Udalak ohol informatiboak jarriko ditu hiriko hainbat auzotan herri mugimenduek eta auzotarrek informazioa trukatzeko gune bat izaten, eta, bide batez, beraien arteko harremanak sendotu daitezen.
Gizarte mugimenduek eta herritarrek garatuko dituzten jarduera, prozesu eta proiektuen berri eman ahal izango dute bertan, hala nola, komunitatearen gaindiko ekimenen berri ere, beti ere gizarte interesekoak direnean. Axier Jaka Partaidetza zinegotziak adierazi duenez asmoa da herritarrek kalea bereganatzea eta eurena dela sentitzea: “Behin baino gehiagotan esan izan dugu udal gobernu honen ardatzetako bat partaidetza dela. Egunero egunero ari gara herri partaidetza aintzat hartzen udal politikak garatzean. Prozesuak, kanalak, guneak eta elkarren artean jarduteko forma berriak zabaltzen ari gara. Eta hauek guztiak gertutasunean, aniztasunean, gardentasunean, eta informazioaren kudeaketa demokratikoan oinarritzen saiatzen gara. Azken batean, helburua da politika egiteko eredu berri bat sustatzea, konfiantza oinarri hartuta, ardurak partekatzeko eta udala eta herritarren artean erlazio berriak sortzeko”.
Udal Gobernuak, partaidetza sustatzeko bidean, hainbat ekimen eta mekanismo jarri ditu martxan orain arte. Eta orain beste urrats bat eman du herritarrak eta herri mugimenduak boteretzearen bidean, izan ere, asmoa da elkarte eta herri mugimenduen sare autonomo, kritiko, sortzaile, inplikatu, arduratsu eta zabala indartzea. Hori horrela, herritarrek aurrerantzean beste euskarri bat izango dute eskura.
Aurreneko ohola jada jarrita dago. Ibaeta auzoan ezarri da. Jakak berak zehaztu du zergatik aukeratu den auzo hori aurreneko ohola jartzeko: “Auzoak eta Herriak Donostia Indartzen prozesuan honelako komunikazio-bitartekoak edukitzeko beharra azaldu zuten, eta eskaera horri erantzun diogu”.
Urtea bukatu bitartean beste bost auzotan jarriko dira oholak: Loiolako Erriberetan, Altza-Larratxon, Altza-Herreran, Egian eta Amaran. Hauek guztiak datorren astetik aurrera ipiniko dira. Ildo horretan, auzo bakoitzeko auzo elkarteekin hitzarmenak sinatuko dira oholen kudeaketa nola egingo den finkatzeko. Hitzarmenaren sinadurarekin batera, elkartekideek ohola kudeatzeko giltzak jasoko dituzte.
Axier Jakak gogorarazi du prozesu hau guztia partaidetza aintzat hartuta egin dela: “Ezin zuen bestela izan, gure filosofiari eutsiz, kokapena eta kudeaketa bera nola egin auzoetako ordezkarien iritzia aintzat hartuta erabaki da”.
(ITURRIA: Donostiako Udaleko Prentsa Bulegoaren oharretik hartua)
Orain artean 159 mozio bete ditu Gobernuak, aurreko urteetan baino 10 aldiz gehiago
Ira 28 2012- donostia
- 0 Comments
Atzoko Udalbatza ere lotsagorritzekoa izan zen. Oposizioko alderdiek Axier Jaka gaitzestuko dutela iragarri zuten, esan zuelako, lege idazkaritzaren arabera, “herria” terminoa −zinegotziaren sailaren web orrian erabiltzen dena− legezkoa dela eta ez zuela “auzoak” terminoa erabiliko Donostiako herriak aipatzeko, exijitzen zaion bezala. Horren aurrean, Udal Gobernuaren bozeramaile Josu Ruizek erabateko babesa erakutsi dio eta, gainera, salatu du oposizioa axolagabe jokatzen ari dela udal politikan.
Josu Ruizek zifra batzuk eman ditu Udal Gobernuaren lana agerian uzteko, PSE, EAJ eta PPk ezer egiten ez duela leporatzen diote-eta. Haren esanetan, 2011 irailetik 2012ko uztailera oposizioak 1.400 galdera baino gehiago aurkeztu ditu, eta 263 mozio eta 113 erakunde adierazpen eztabaidatu dira Udalbatzan. “Gobernuak galdera guztiak erantzun ditu, onartutako 227 mozioetatik 159 bete ditu (hau da, %70) eta, erakunde adierazpenei dagokienez, gauzatze maila are handiagoa da: 89 (hau da, %80) bete dira“, esan du bozeramaileak.
Josu Ruizek azpimarratu du hori hala izan dela oposizioak aurkeztutako ekimen kopurua izugarri handitu bada ere: zehatz esan, urtean aurkeztutako mozio kopurua 18 aldiz handiagoa da orain, aurreko lau ekitaldietako bataz bestekoarekin alderatuta. Bestetik, adierazpen kopurua 16 aldiz handiagoa da.
“Udalbatza errespetatzen ez duen gobernu baten datuak al dira horiek? Ez dugu horrela uste, inondik inora”, salatu du Ruizek. Heldu den astean bete ez diren mozioen inguruko xehetasunak emango dituela aurreratu du bozeramaileak, baina argi utzi nahi izan du “kudeatzen ari garela, lanean ari garela, eta udalbatzaren gehiengo errespetatzen dugula”.
Bestetik, oposizioak Udal Gobernuarekiko duen jarrera gaitzetsi du, errespetu gutxirekin ari delako: “Ez zaio horrenbeste inporta zer nolako mozioak edo eztabaidak ematen diren udalbatzan, baizik eta gobernuaren kontra egitea. Eta jarrera hau areagotu egin da atzoko saioan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen testuinguruan gaudela agerian utziz”.
Axier Jakak, bere aldetik, udaleko idazkari juridikoak idatzitako dokumentuaren berri eman du, bertan esaten baita “herriak” hitza erabiltzea zilegia dela. Jakaren arabera, urte eta erdian oposizioak mota guztietako akusazioak egin ditu udal gobernuaren kontra deseroso daudelako; “bunker baten moduan funtzionatzeari utzi diogu, herritarrei hitza emateko eta hori da sustatu nahi dugun eta sustatuko dugun eredua”.
(Donostiako Udaleko Prentsa Bulegoko oharretik hartua)
Uxotegi, haizea galdu duen muntaia politiko-mediatikoa
Ira 17 2012- donostia
- 0 Comments
Gogoratu nola hasi zen guztia. Alde Zaharreko gazte batzuk aspaldi hutsik zegoen Gaztelubide 5 eraikinera sartu ziren, aisialdirako alternatibarik eza eta etxebizitza faltaren arazoa agerian jartzeko. Udaltzaingoa bertaratu zenean tentsio uneak egon ziren eta, Bilboko Kukutzan gertatukoa ekiditearren, Udal Gobernuko kide bat hurbildu zen giroa lasaitu eta bitartekari lanak egitera. Liskarrak ekidin ziren eta okupazioaren auzia epailearen eskutan geratu zen. Udal Gobernuaren partetik jarrera eredugarria, arazoa ezkutatu gabe, liskarrak ekiditea eta egoera bideratzea lortu baitzuen.
Oposizioko alderdiek ordea, hainbat medio lagun zituztela, Udal Gobernuari eraso egiteko aukera bikaina zela pentsatu zuten eta eraso erauntsia hasi zuten, inolako fundamentu errealik gabekoa. Udal Gobernuko kideak okupazioan parte hartu zuela, gazteen ‘liderra’ zela eta Udaltzainen handik joateko agindu ziela esaten hasi ziren, inolako frogarik eman gabe. Gezurra izateaz gain, istorio horrek ez dauka inolako sinisgarritasunik baina oposizioak bat egiten badu eta medioek kobertura ematen badiote BILDUren kontra egiteko balio duelako, herritarrak nahasteko gutxienez balio dezake.
Urtebetean ordea herritarrak aspertzea baino ez dute lortu. Dena bluf batean geratu da. Oraindik azken aktoa falta da, iraileko udalbatzarrean gaia aterako dutelako, baina eszenifikazioak eszenifikazio, muntaia politiko-mediatikoak haize guztia galdu du, ez du gehiagorako ematen.
Salatzekoa da ordea oposizioak, edo oposizioko alderdi batek edo bestek, gai honekin urtebetean erakutsi duen jarrera.
Ikerketa Komisioaren helburua ez da inoiz izan egia bilatzea, aldez aurretik idatzitako ondorioetara iristea baizik. BILDUren aurka egiteko beste frente bat irekita edukitzea izan da motibazio politikoa; egia jakin, lehen egunetik baitzekiten guztiek.
Bilduren iritziz ez dira oinarrizko eskubideak errespetatu, erreserbatutako informazioa argitaratu delako.
Etengabe izan diren filtrazioen aurrean presidentearen ‘utzikeria’ salatzekoa bada, gutxienez.
Batzordean bertan Bilduren ordezkari, Axier Jakak, komisioa Bildu eta Udal Gobernuaren aurkako muntaia izana salatu du.
Batzordeak onartutako azken diktamenaren edukia ikusita, Bilduk bere boto partikularra eman du. Bertan taldeak defenditu duen oinarrizko hainbat aspektu jasotzen ditu: gardentasuna, gertatutakoaren egiatasuna, bertan frogatutakoa eta zuzenbide arauei errespetua.
Batzordearen lana ez da planteatutako helburura mugatu, Udalbatzak helburua “Parte Zaharreko Gaztelubide 5 kaleko eraikin baten okupazioari buruzko ikerketa” izango zela onartu arren. Ez dira agerraldia egin dutenen oinarrizko eskubideak errespetatu, erreserbatutako informazioak publiko egiterakoan, Batzordean bertan frogatu den bezala. Utzikeria izan da egindako filtrazioen harira, batzordeak sekretuak izango zirela esan zen arren, Udaltzaingoa eta Udalaren irudia kaltetuz, baita Ikerketa Batzorde beraren sinesgarritasuna ere.
Udal Gobernuak gaia sakon aztertu eta gertatutakoaren egia osoa jakin dadin lan egin du, horretarako, Departamendu guztiei, eska zitekeen informazio guztia emateko agindua bidaliz eta gardentasun osoz eta ezer ezkutatu gabe ekiteko aginduz.
Irailaren 24an Udaltzaingoak egindakoa horretarako ezarri den protokoloan oinarritu da eta modu berean egiten dira gauzak gertakari hauen aurrean. Ez da frogatu Udaltzaingoak gertakarien egunean Udal Gobernuarekin erlazionatutako inongo kargu politikoren jarraibide zuzenen baitan jardun izana.
Argi gelditu da Ikerketa Batzordean gertatutakoan Udal Gobernua inplikatzeko obsesioa, bai presidentziaren aldetik, baita Batzordeko zenbait talderen partetik.
Batzordean ezin izan da frogatu gertakari zehatz honen aurrean Udal Gobernuak ezer ez egiteko jarraibideak eman izana. Salaketa guztiak faltsuak direla argi gelditu da.
Ondorioztatzen dena da funtzionamendua, intentzio politikoa, edukia, Presidentziaren jarrera, filtrazioak eta Ikerketa Batzordean proposatutako ondorioetako batzuk ez luketela erreferente gisa balio behar, etorkizunean Udal honetan udalaren eskumena den gai baten inguruko Ikerketa Batzordea egituratuko balitz.
Bilduk hirugarren aldiz eskatu du Udaleko idazkari nagusiaren txosten juridikoa diktamenean sartzeko, baina presidentearen erantzuna izan da dokumentu hori batzordeak eskatu ez duenez, ez dela diktamenean azalduko. Batzordean Bilduren ordezkari, Axier Jakak, adierazi du batzordea oposizioak Bildu eta Udal Gobernuaren aurkako muntaia izan dela, “eta hau argi eta garbi ikusi dugu, hiru taldeek modu berean jardun dutelako: bozka, iritzi eta jarrera berdin-berdinak izan dituzte”.
